Ekitaldiak kargatzen

« Ekitaldiak guztiak

  • ekitaldia hau amaitu da.

Covid-19 Berdintasuna: tokiko esku-hartzea aztertuko du EUDELek Europako beste udalerriekin

29/04/2020

Gaur goizean EUDELen ordezkari eta Gordexolako alkate Angela Eguiak parte hartu du CMREko (Europako Udal eta Eskualdeen Kontseilua) Berdintasun batzordearen bilera telematikoan, egungo osasun alerta-egoeran deitutako lehenengoa. Lantalde hau, maila politiko eta teknikoan, honako herrialde hauetako tokiko hautetsiek osatzen dute: Suedia, Finlandia, Frantzia, Alemania eta Italia, baita Euskadi ere, besteak beste.

Batzordea bilgune iraunkorreko organoa da Europako tokiko gobernuen artean, berdintasunaren, indarkeria matxistaren eta emakume hautetsien lidergoaren arloan dituzten ezagutzak, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko.

EUDELen ordezkariak bere hitzaldian Euskadiko instituzioen arteko kooperazioa eta koordinazioa nabarmendu du, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei osasun-larrialdietan arreta emateko baliabide guztiak eguneratzeko eta aktibo mantentzeko. EUDELek arreta eta erantzun urgenteko zerbitzuak izan ditu hizpide bereziki; dagoeneko martxan daude Euskadiko udalerri guztietan, eta indartu egin dira konfinamenduan emakumeek isolamendu eta zaurgarritasun handiagoa izan dutelako. Udaletako baliabide eta jardunbide gehienek irizpide komunak dituzte eta BERDINSAREA Udalen saretik koordinatzen dira EUDELen.

Larrialdiaren eta konfinamenduaren aurrean udalerriek ezarritako neurrien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Indarkeria-egoeran dauden emakumeek arreta- eta babes-sisteman duten sarbidea indartzeaarreta integrala eta koordinatua bermatuz fase guztietan (antzematea, salaketa, balorazioa eta laguntza sanitarioa, psikologikoa, judiziala, sozioekonomikoa, lanekoa, etab.).
  • Herritarrentzako sentsibilizazio– eta informazio-ekintzak eta -kanpainak bultzatzea, indarkeria-egoerak prebenitzeko eta antzemateko.
  • Tokiko, foru-administrazioko eta administrazio autonomikoko maila guztietako baliabide aktiboak eguneratzea eta herritarren artean zabaltzea.
  • EAEko udalerri guztietan datuak biltzen laguntzea, indarkeria matxistako egoerei arreta emateko zerbitzu-mapa bat egiteko.
  • Herritarrei Eusko Jaurlaritzak jarritako 24 orduko arreta- eta laguntza-telefonoen berri ematea.
  • Egunero telefono bidezko eta on line kontsultei erantzutea, bereziki indarkeria-egoerei buruzkoak, baita berdintasun-arloko araudiei eta jarraibideei buruzkoak ere.

Etorkizuneko neurriak genero-ikuspegiarekin

Europa mailako bilera telematiko honek, halaber, gogoeta bat irekitzeko balio izan du: udalerriak herrialdeetan barna aplikatzen ari diren neurrietan eta erantzunetan genero-ikuspegia txertatzeko beharra. CMREko batzordeak adostu du azterketa propioa garatzea, Europa mailako beste azterlan batzuen ildotik, hala nola Genero Berdintasunerako Europako Institutuarenak (EIGE) edo PLATFORMA eta URBACT (UE) bezalako sareenak.

Ikerlan horiek adierazten eta ohartarazten dute generoen arteko desorekak daudela covid-19ren eragin ekonomiko eta sozialetan, eta emakumeen zaurgarritasun berezia azpimarratzen dute konfinamenduaren garaian eta ondoren.

Ildo horretatik, CMREk udalen elkarteen bidez informazioa jaso nahi du tokiko esku-hartzearen etorkizuneko erronken diagnostikoa egiteko berdintasun, inklusio eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako borrokaren esparruan.

Honako gaiak eztabaida sozialaren muinean daude, eta Batzordearen hurrengo bileretan aztertuko dira: kontziliazioa, zaintza-sistemaren antolaketa eta genero-arrakalaren aurkako borroka.