Ekitaldiak kargatzen

« Ekitaldiak guztiak

  • ekitaldia hau amaitu da.

Euskal udalak aitzindariak izango dira erreparazioaren ikuspegia indarkeria matxistaren aurkako tokiko esku-hartzea txertatzen

03/02/2021

GUIA_REPARACION2021
  • EUDELek eta Emakundek estatu mailako lehen gida sustatu dute, biziraun duten emakume biktimei eragindako kaltea konpontzeko ekintzak garatzeko udalerrietan, eta, era horretan, euren ingurune hurbilean osa daitezen bermatzeko.
  • Tresna horrek oinarrizko jarraibideak eskainiko dizkie udaletako arduradun eta teknikoei, tokiko esku-hartzean erreparazioaren ikuspegia garatzeko. Era berean, euskal udal batzuk azken urteotan abian jartzen ari diren ekimenak jaso ditu, ildo horretan pausoak nola eman daitezkeen erakusteko adibide gisa.
  • Gida euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesaz egin da eta 1.000 ale banatu dira euskal udaletan. Jaitsi GIDA hemen: https://www.eudel.eus/eu/publicaciones

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 3a. EUDELen elkarteburu Gorka Urtaranek eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendari Izaskun Landaidak tresna tekniko bat aurkeztu dute gaur goizean, tokiko erakundeei indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen erreparazioko eskubidea zehazteko eta gauzatzeko, udal eskumeneko esparruaren baitan eta justizia ezartzeko prozesuarekin batera.

Espainiako estatuan ez dago antzeko tresnarik eta Gida didaktikoaren forma hartzen du. Gida honen asmoa da lehen urrats gisa baliagarria izatea udalak, mankomunitateak eta kuadrilak beraien ekintzak berrikusten hasteko, hain gai sentikor eta konplexu batean. Izan ere, ikuspegi berri honek hausnarketa berria eskatzen du, bai eta prestakuntza espezifikoa eta praktiken berrikuspena ere.

Istanbulgo Hitzarmenaren nazioarteko esparruan, erreparazio printzipioak esan nahi du indarkeria matxistaren biktimen eskubideak jarri behar direla erreparaziorako arreta eta tokiko jarduketen prozesu osoaren erdigunean, dauden beharrei eta eskaerei entzunez eta erantzunez.

EUDELen eta Emakunderen ekimenak ikuspegi berritzaile bat eskaintzen du, udal-plangintza laguntzatik eta/edo arretatik harago bideratzea, bizirik iraun duten emakume biktimei eragindako kalteak ikusarazteko eta konpontzeko, bai eta ingurune komunitarioan haien leheneratzea errazteko ere, herritartasun bete aktiboaren izaera berrezarriz. Halaber, balioa eman zaie gure udalerrietan indarkeria matxista errepika ez dadin baldintzak eratzeko tokiko prebentzio-programei.

Gida EAEko udalen Berdinsarearen baitan gauzatu da. 2006az geroztik, sare hori berdintasunerako tokiko politiken aurrerapausoak gidatzen ari da, EUDELek koordinatuta, Emakunderen laguntzarekin. Duela bost urte baino gehiago hasitako lan prozesu baten emaitza da, udaletako berdintasun arloen eta, bereziki, udalerri txikienen lankidetzarekin. Izan ere, komunitate osoari udalerri horietan erasaten diote gehien herriko emakumeen aurkako indarkeria egoerek.

Emakunde eta EUDEL bat datoz inplikatutako instantzia guztien arteko koordinazioak duen garrantzia neurtzean, indarkeria matxistaren biktimen errekuperazio integrala eta urratutako eskubideak itzultzea bermatuko duten arreta eta erreparaziorako baliabideak gauza daitezen.

Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak gogorarazi duenez, Istanbulgo Hitzarmenak, besteak beste, botere publikoei eskatzen die indarkeriaren biktima diren emakumeei erreparazioa emateko neurriak hartzeko. Legebiltzarrean Berdintasunerako Legearen aldaketa izapidetzen ari da, eta, bere hitzetan, biktimei erreparazioa emateko eskubidea aitortzen du, eta horren inguruko neurriak hartzeko betebeharra planteatzen du.

Landaidak gogora ekarri du biktimen erreparaziorako esku-hartze prozesuak ahalduntze prozesu bat izan behar duela: indarkeriaren egoera gainditzeko haien gaitasunak eta autonomia indartzera bideratutako esku-hartze bat. Era berean, Landaidak euskal erakunde guztiek emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean egiten duten lan koordinatua nabarmendu du: “Erakundeen arteko lankidetzan ibilbide luzea egin dugu, eta, horri esker, arreta onena eskaini nahi duten egitura sendoak ditugu, zalantzarik gabe”.

guia_rep

Bestalde, Gorka Urtaranek azpimarratu duenez, “indarkeria matxistaren aurrean, toki erakundeen esku-hartzea funtsezkoa da, indarkeria horrek gure udalerrietako emakumeen bizitza eta eskubideak erasotzen ditu.” EUDELen elkarteburuak honako hau azaldu du: “Udalok ezinbesteko zeregina dugu gure herritarrei kontzientziatzeko eta komunitate osoa inplikatzeko emakume biktima-bizirauleei babesa eta aitortza emateko. Horrez gain, lagundu behar diegu ahalduntzeko eta autonomia pertsonala berreskuratzeko prozesuan”.

Ildo horretan, Gorka Urtaranek ondorengo hau ere adierazi du: “bizitzen ari garena bezalako une kritikoenetan, ezin dugu atzerapausorik egin; erakundeok koordinatuta jarraitu behar dugu, aurrerapausoak emanez, gure herri eta hirietan berdintasuna benetan gauza dadin”. Horretarako, jakinarazi du EUDELek eta Emakundek gida hau sustatu dutela, honako hiru helburu nagusi hauekin:

  1. Lehenengo helburua, erakundeen konpromisoa berrestea, tokiko jarduerak berrikustea eta indarkeria matxistaren biktima guztien aurkako indarkeria desagerrarazteko ikuspegia zabaltzea, esparru eta forma guztietan;
  2. Bigarren helburua, gizarte osoak indarkeria matxistaren aurkako borrokan parte har dezan kontzientziatzea eta sentsibilizatzea, eta zero tolerantziako jarrera sustatzea;
  3. Hirugarren helburua, erreparazio sozial eta sinbolikoko politikak lantzen hastea, bizirik iraun duten biktimen erasan guztiei arreta emateko, bai eta beren eskubideak urratzea bideratu duten baldintzak gehiago errepika ez daitezen bermatzeko neurri zehatzagoak gauzatzea ere.

Gidako edukiak

Gida hiru hizkuntzatan egin da (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesaz), eta 1.000 ale banatu dira euskal udal guztietan. Bi bertsio editatu dira, bata izaera teknikoagoa duen bertsio hedatua, eta bestea aplikazio praktikoko funtsezko alderdien laburpen modukoa. Biak deskarga daitezke EUDEL eta Emakunderen erakunde webetan.

Giza Eskubideen ikuspegiaz gain, gida honen beste alderdi berritzaile bat da biktimen kontzeptua berrikustea proposatzen duela, biktima guztiekiko eta indarkeriak beren bizitzetan dituen inpaktu guztiekiko ikuspegia zabalduz, eta horien bizirik irauteko ahaleginak eta gaitasunak gogoan hartuz.

Era berean, legedia eta araudia (nazioartekoa, estatukoa eta autonomikoa) berrikusten ditu, eta aztertzen du tokiko gobernuek zer eskumen tarte duten indarkeria matxistaren aurkako borroka arloko jarduketak ikuspegi konpontzailez gauzatzeko.

Argitalpenaren egituran honako atal hauek daude: kontzeptuetara hurbiltzea, arauen aipamena eta erreparazio printzipioaren garapenean udal arduradunek aintzat hartu beharreko araudia eta jarraibideak.

Gidak, halaber, tokiko eremuan egin daitezkeen jarduketen adibideak aurkezten ditu, besteak beste: arreta sanitarioa, psikologikoa eta harrera baliabideak lehenbailehen eskuratzera bideratzea, berriz laneratzeko enpresekin eta beste erakunde batzuekin bitartekaritza lanak egitea, biktimen ahalduntzea eta haien lan kolektiboa sustatzea Emakumeen elkarte eta etxeen bidez; herritarrekin sentsibilizazio jardunaldiak eta tailerrak antolatzea, biktimen omenaldi ekitaldiak egitea, hala nola memorialak eta kaleen izenak.

Erreparazio printzipioa dagoeneko lantzen ari diren udalerri batzuen Praktika Egokiak ere jaso dira, hala nola Andoain, Basauri, Urduliz, Vitoria-Gasteiz eta Durangaldeakoak. Tamaina eta lurralde guztietako udalerrien esperientzia horiek erreferentzia izan daitezke beste udal batzuetan lanari eki.