- ekitaldia hau amaitu da.
‘Berdinsarearen’ 10. urteurrena
20/12/2016 – 08:00 – 17:00
EUDELek eta Emakundek udalerri txikietara zabaldu nahi dute sarea, 2018an europako erreferentea izan dadin
EKITALDIKO BIDEOAK IKUSIPrentsa Oharra
Deskargatu
- Berdinsarea 2006. urtean sortu zen, arlo horretan inplikatutako euskal erakundeek udalerrietatik bertatik berdintasunerako eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako tokiko politikak sustatu behar zituztela ikusi zutenean.
- Sarea bera udal teknikarien zein politikarien partaidetzaz eta interesen nahiz premien araberako zenbait batzorde tematikoren bidez dago abian; esate baterako, berdintasunerako ordenantzak edo emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarduketa-protokoloak.
- Berdinsarearen balioa da udalen arteko trukerako eta tokiko berdintasun-politiken koordinaziorako eremua izatea. Beste abantaila batzuen artean, sareari esker, irizpide bateratuak adostu daitezke eta berdintasunaren arloan ibilbide desberdina duten zenbait tamainatako udalen artean baliabideak partekatu daitezke. Izan ere, oso lagungarria da mankomunitateetan elkartutako udal txikienen lanerako.
- Gaur egun, 62 udalek osatzen dute sarea (EAEko biztanleen %77), eta gehienek 5.000 biztanle baino gehiago dituzte. Horrez gain, bete-betean lan egiten du, udal txikiagoek ere bat egin dezaten eta sareko baliabide guztiak eskuratzeko aukera eduki dezaten.
- ‘Berdintasunari, aniztasunari eta inklusioari’ buruzko Konferentzia Europarra Bilbon egingo da 2018an, eta aukera paregabea izango da sareari nazioarteko proiekzioa emateko eta Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren bidez (CMRE) Europako udal guztiak elkartzen dituen eremu erreferentea izateko. EUDEL bera da, hain zuzen ere, bertako Berdintasun Batzordeko burua.
Bilbon, 2016ko abenduaren 20an. Gaur goizean, ekitaldi hunkigarria egin da Bilboko Zabalgunean, ‘Berdinsarearen’ hamargarren urteurrena ospatzeko. Bertan, ehun bat lagunek hartu dute parte, eta gehienak udal zein mankomunitateetako teknikariak eta politikariak izan dira. Ekitaldiaren hasieran, EUDELeko ordezkari eta Galdakaoko alkate Ibon Uribek eta Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak sarearen 10 urteko historia berrikusi dute. Gaur egun, berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka dauden 62 udal dira sare horretako kideak (EAEko biztanleen %77).
Udalen izenean, Galdakaoko alkate Ibon Uribek (EUDEL) “udal-politikak gizartea eraldatzeko duen ahalmena” nabarmendu du. “Euskadiko udalon artean elkarrekiko ikaskuntzarako etengabeko prozesua egituratzea izango da gure hurrengo erronka. Gaur egun, Euskadi Europako erreferentea da berdintasunerako tokiko politiken arloan, eta, CMREk 2018an egingo duen Konferentziatik aurrera, Berdinsarea Europako udal guztietara zabaltzeko aukera ere izango dugu”.
Bestetik, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak sarearen historia berrikusi du, eta honakoa azpimarratu du: “Udala herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea den aldetik, oso garrantzitsua da eskainitako zerbitzuak eraginkorrak izatea, baita gizon eta emakumeen berdintasunaren arloan ere. Gainera, zeregin hori behar bezala koordinatuta eta aholkatuta ere egon behar da. Hori dela eta, gure ustez, Berdinsarea bera oso tresna garrantzitsua da, gizon zein emakumeen berdintasuna eta emakumeen aurkako indarkeria hurbiletik tratatzeko orduan”.